Ikerketa
Antzerkiaren Dokumentazio Zentroa, bere funtsen izaera aintzat hartuta, beti aritu da lanean unibertsitateen esparruan egiten den ikerketari lotuta. Teatro.es helbideak ikertzaileentzat ereduzkoak diren bi argitalpen eskaintzen ditu. Izan ere, argitalpen horiek, alde batetik, CDT zentroak dituen dokumentu-funts ikaragarriak erakusten dituzte, eta, bestetik, beste eduki batzuk sortzen dituzte azterketak egiteko.
CDT zentroaren antzerkiko ikerketari buruzko Don Galán aldizkarian, eskutik helduta agertzen dira dokumentazioa eta ikerketa. Aldizkarian, ikertzaile ospetsuen artikuluak jaso dira, eta, horrez gain, dokumentu grafiko eta ikus-entzunezko material ugari sartu da –eta horixe da, izan ere, aldizkariaren ezaugarririk bereziena–, CDT zentroaren funtsekoak gehienak.
Ale bakoitza gai monografiko baten inguruan egituratuta dago; baina, horrez gain, hainbat atal daude: aipamen bibliografikoak, antzezlanen azterketak, elkarrizketak, urteurrenak, etab.
CDT zentroak ikerketa-proiektu bat aurkezten du, eta, horren bidez, berrikuntza egin nahi du bere euskarrian eta edukietan: digitalizatuta dauden milaka dokumentu (egunkariak, argazkiak, bideoak, kartelak…), atalka antolatuta, haiek eskuratzeko modua errazagoa izan dadin. Dokumentu horiek bana-banaka aletuko dute, zehaztasunez eta modu erakargarrian, azken hirurogeita hamar urteetan gure antzerkiak izan duen historia.
Espainiako antzerkiaren historiarako dokumentuak izeneko ikerketako proiektuak antzerkia maite duten guztiei egin nahi die dei. Alde batetik, jakina, ikertzaile, ikasle eta azterlariei egiten die dei, horiek guztiek oso datu erabilgarriak aurkituko baitituzte beren lanak egiteko. Beste aldetik, agertokietako profesionalei ere deitu nahi die, hala oraingoei nola etorkizunei, horiek urratsez urrats aurkituko baitituzte beren lanbidearen sustrairik hurbilenak. Bestetik, ez ditu kazetariak eta kritikariak bazter utzi nahi, horiek ere iturri fidagarriak eskuratu ahal izango baitituzte beren lanerako. Azkenik, ez ditu inola ere ahaztu nahi antzerkiaren zaleak, horiek, familiako album zahar batean bezala, izen mitiko askoren aztarna aurkituko baitute bertan, norbanakoaren edota talde osoaren oroimenean gordeta dauden pasadizo ugari.